Jai guztien jaia Iruñean egiten da. Uztailaren 6an “txupinazoa” lehertzen denean, biziak eztanda egiten du hirian. Munduko edozein lekutatik etorritako milaka pertsonak hiria gainezka jartzen dute eta dena zurigorri bihurtzen da. Egun batzuetan zehar kalea anaitasun, poztasun, eta giro oneko bolada bihurtzen da, txarangen eta lagun-taldeen erritmora.
Entzierroa da jaiak etena egiten duen eguneko une bakarra eta tentsioak ibilbide osoa hartzen du zezenak neska-mutilen atzean lasterka hasi baino minutu batzuk lehenago. Jaiarekin jarraitzeko, “salda”, txokolatea txurroekin, prozesioa, erraldoiak eta buruhandiak, aperitiboa, zezen-korrida edo su artifizialak egoten dira, eta horrek guztiak gaueko algara dakar.
Gainera, urte osoan zehar, hainbat ospakizun daude Nafarroan. Iparraldeko jaiek kaleak betetzen dituzte dantza eta herri-kiroleko emanaldiekin. Hegoaldean, berriz, bigantxak dira protagonista eta ospakizunak kolore zurigorriz betetzen dira.
Erromatarrek sortu zuten eta Santiago Bidea bertatik igarotzen da, baina, batez ere, Iruñea ezaguna da mundu osoan Sanfermin nazioarteko jaiarengatik. Baina jaitik haratago, Nafarroa hiri moderno eta atsegina da, eta hainbat gauza egin daitezke bertan: ehun urtetik gorako harresien artean eta galtzada-harriz egindako kaleetan paseatu, parke eta terrazetan deskantsatu, alde zahar alaian pintxo goxoak dastatu, monumentu historikoak bisitatu, dendetara joan, lehen-mailako ikuskizunak ikusi edo tradizio handiko kirolak, adibidez, pilota, miretsi.
Gainera, probintziaren erdialdean kokatuta dagoenez, hiri bikaina da eskualdeko zedarri turistikoak eroso ezagutzeko.
Pirinioetako gailur elurtuetatik Errege Barde lehorretaraino, eskualde honetako aberastasun naturala, beti errespetatu eta kontserbatu dena, ezagutzera animatzen dizugu. Nafarroaren aniztasun klimatikoa harrigarria da gurea bezalako erkidego txiki batentzat, baina hari esker, ondare bikaina dugu: beti berdeak diren haranak, esaterako Erronkari edo Baztan; baso liluragarri eta koloretsuak, adibidez, Iratiko oihana, Orgiko basoa edo Kintoa; eta urak moldatutako zintzurrak, bertigoa eragiteko modukoak, hala nola Irunberriko arroila edo Arbaiungo arroila.
Gainera, urtegi lasaiez gozatzeko aukera izango duzu, adibidez, Leurtzakoaz; edo basoz inguratutako urtegiez, esate baterako, Irabia edo Eugikoez; bai eta urtegi aktiboez ere, hala nola Allozkoaz; eta hegaztientzako aintzirez era bai, besteak beste Pitillasko aintzira edo Las Cañas aintzira. Halaber, kondairazko kobazulotan, adibidez, Zugarramurdin barrena sartu ahal izango zara, bai eta eraketa politak ezkutatzen dituzten haitzuloetan ere bai, adibidez, Mendukilon eta Uradazubin. Nafarroan hainbat eremu babestu daude, besteak beste, hiru parke natural: Bertizkoa, Urbasa-Andiakoa eta Errege Bardeetakoa.
Natura maite baduzu, hemen gozatuko duzu.
Nafarroak antzinako zaporea eskaintzen dio bisitariari. Izan ere, lurralde honetan errezeta tradizionalak kontserbatu dira. Errezeta horiek Nafarroako askotariko paisaiak ematen dituen produktu guztiez hornitzen dira eta bazkaria gertakizun soziala bihurtzen dute. Baina eboluzioa eta berriketa izan du ere bai, gure txef onenen sormenak galdu nahi ez dituen gourmet onaren jomuga izanik.
Eta zer eskaintzen du gure jaki-tokiak? Erriberako barazki apartak, besteak beste: kardua, orburua, potxak, zainzuriak edo pikillo piperrak. Horrez gain, foiek, onddoak, eta zapore handiko haragiak ematen ditu, eta horri laguntzeko, osagarri ezin hobea dugu: ardo beltzak, gorriak eta zuriak, Nafarroako eta Errioxako JDrekin. Eta, noski, postreak ere baditugu. Oraindik gazta, mamia, tututxoak eta esne frijitua probatu behar dituzu, eta, amaitzeko, digestioari laguntzen dion patxaran likore tipikoa har dezakezu.
Eta oraindik pintxoak geratzen zaizkigu... Bereziki, Iruñeako alde zaharrean, sukaldaritza txiki fin horretaz goza daiteke, bazkari nagusien aurreko ohitura errotu hori betetzeko. Taberna gehienek beren jardueraren askotariko lagina dute, eta pintxo tradizionalekin batera lurraldeko produktuetan oinarritzen diren pintxo sofistikatuak eskaintzen dira. Pintxoaren astean zehar Nafarroa bisitatu baino gauza hoberik ez dago. Aste hori Nafarroako zenbait herritan ospatzen da, martxoaren edo apirilaren bueltan, artisau irudimentsu eta samur horien proposamenik berritzaileenak dastatzeko
Nafarroak historia aberatseko eta kondaira anitzeko lurra da, tradizio zahar eta emozio handiz bizi dituen jai herrikoi ugariko lurraldea. Nafarroan fidelak gara izan ginenarekin eta oraindik ere garenarekin.
Aberastasun etnografiko handiko inauteriak ditugu. Martxoan erromesaldi nagusia ospatzen da, Xabierraldia, eta udaberria iristean, Nafarroa erromesaldiz betetzen da. Aste Santua bizitasun bereziz bizi dute Corellan, Tuteran eta Iruñean. Maiatzaren hasieran Almadiaren Eguna ospatzen da, eta uda iristean, Iruñean txupinazoak San Fermin jai unibertsala iragartzen duen bitartean, Pirinioetan gogora ekartzen dituzte akelarreak eta Erdi Aroko tratatuak, arbasoen dantzak dantzatzen dira eta herri-kirolak egiten dira. Erdigunean eta Erriberan jotaren soinua dago, behi hezigabeak askatzen dira eta hainbat herriko jai alai ospatzen dira.
Udazkenean Erronkariko artalde transhumanteak Bardeetan sartzen dira, eta usoa ehizatzeko garaia iristean Etxalar ikusminez betetzen da. Eta neguan, Ekialdeko Errege Magoek eta Olentzero on hutsa haurrentzako opariz beteta datoz. Urtea amaitzeko era ezin hobea.
Nafarroa Santiago Bidearen atea da penintsulan eta bi bide nagusik zeharkatzen dute: Pirioniotik sartzen dena, Orreaga mitikotik, eta Aragoitik datorrena, alegia, Zangoza zeharkatzen duena. 200 kilometroan zehar ondare artistiko emankorraz eta dibertsitate natural, kultural eta gastronomikoaz gozatzeko aukera dugu, Frantziar Bidea deritzon bidearen barruan, hain zuzen, XI. mendean Antso III.a errege nafarrak bide ofizial gisa sustatu zuenaren barruan.
Autoz, oinez, bizikletaz edo zaldiz egin dezakezu, baina parekorik ez duen bide historiko horretan murgilduko zara beti. Bidea truke kulturalaz hornitu zen eta gaur egun ere oinezkoen topagunea da. Oinezko horiek erlijiotasunagatik, kulturagatik edo kirolagatik ibiltzen dira, baina, edonola ere, esperientzia pertsonal ahaztezina da guztientzat.
Erdi Aroan jaio eta garai hartan izan zuen unerik gorena, baina bidea inoiz baino biziagoa dago orain.
Nazio-mailan garrantzitsuak diren erreserba-plataformei buruzko azterketa ezberdinen arabera, ostatuari dagokionez, oso balorazio altua ematen dute gure bisitariek, eta asebetetze-indizea oso altua da. Horrek pozten gaitu, eta gure establezimenduek egiten duten ahalegina saritzen du, harreraren eta profesionaltasunaren alorretan hobetzekoa.
Nafarroan kalitatezko eskaintza handia aurkituko duzu, honakoak biltzen dituena: arkitektura polita kontserbatu duten baserriak, gaitasun handiko eta zerbitzu berezidun hotelak, xarma bereziko hotel txikiak, ongi hornitutako eta landa-ingurune ikusgarrietan kokatutako kanpinak eta hainbat jarduera eskaintzen dituzten ostatu sinple eta praktikoak.
Eta lan egiten jarraitzen dugu. Gure zerbitzuaren kalitatea hobetu nahi dugulako. Halaber, jasangarritasunari, irisgarritasunari, berrikuntzari eta abarri dagokienez hobetu nahi dugu. Zure balorazioa eta iradokizunak kontuan hartuko ditugu.
Nafarrak holakoak garela diote: lagunen lagun, solidarioak, zintzoak, pixka bat burugogorrak, abegitsuak... jende jatorra. Gure bisitariek diote hori, aisialdirako edo negozioengatik etorritakoek, etorri eta ospa egin zutenek edo etorri eta hemen geratu zirenek.
Gure izaera ezberdina da iparraldetik hegoaldera, klima, paisaia edo gastronomia bezala. Hala, iparraldeko haran itxiek baserriko jendeen izaera zintzo eta adeitsua eratu du. Horiek baitaratzeaz, hizketaldiez eta suaren inguruan kondairak kontatzeaz gozatzen dute. Hegoaldean, ostera, mendiak egon beharrean lautada zabalak daude eguzkipean, eta horrek kalean bizitzera animatu eta jendearen izaera kanporakoi eta irekia sortu du.
Ea zuk zer diozun...
Nafarroan gure sustraiak eta historia maite ditugu, baina etorkizunari begira bizi gara, jasangarritasuna ardatz izanda. Aitzindariak gara energia berriztagarriei, medikuntzari eta hezkuntzari dagokienez, eta berrikuntzan gehien inbertitzen duen bigarren erkidegoa gara nazio-mailan, Espainiako Merkataritza Ganberako Enpresa Lehiakortasuneko Behatokiaren arabera.
Ongi etorria ematen diegu bidaiari lasaiei. Une onez, begiratzeaz eta hizketaldi lasaiez gozatzen duten pertsona guztiei. Arnas sakona hartu eta topera bizi direnei, bilatu eta topatzen dutenei, dastatzen dutenei, bizitza maite dutenei.
Mirets itzazu ur-jauziak udaberrian, gal zaitez basoan udazkenean eta entzun ezazu marrualdia, lilura zaitez portada erromaniko batekin, egin ezazu Santiago Bidea, goi-mailako sukaldaritzaz zein eguneko menu sinple batez goza ezazu, goza ezazu landa-etxe batean zure lagun edo familiako kideekin, zoaz Iruñeara asteburu erromantiko bat izatera... Nafarroak lasaitasunez bizitzeko mila era eskaintzen dizkizu.